XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): goizean goiz maitinak, arratsalde-erdian bezperak eta gau hertsian konpletak errezatzeaz gain, Jaungoikoak opaldu dizkidan enparauko orduak Abatetxeko bibliotekan gorderik dautzan jakituriaren iturri gardenetatik edateari emana ematea.

Horregatik poztu nintzen hainbeste, halako batean ere, aspaldiko nire erreguei amore emanaz, Kristandadeko Enperadore Txit Agurgarriak Jainkoak demaiola bizitza luzea gure gaztelu-komentu honetara bere Gorte Goreneko aholkularirik ospatsuena, frai Arthur Huxleyville-koa, bidaltzea erabaki zuenean, hemen gertatzen diren anabasen ikerlanen ardura beronen gain utzirik.

- Eta horregatik, frai Arthur, deblauki eta solemneki eman nahi dizut abadagune honetan, komunitate osoa areto kapitularrean bilduta gaudelarik, gure ongi-etorririk bihozkorrena, eta zure ikertzapenek arrakastarik handiena lor dezaten opa izan ez-ezik baita nahi dukezun guztirako gure laguntza beti eskura izanen duzula agindu ere.

- Mila esker, Jaun Abadea; mila esker zuei guztioi ere, ordo fratrum minorumeko adiskideok, hots, lingua vulgarisean esanda: mila esker zuei ere anaia txikien saileko adiskideok...

Nahigabezko zurrumurru bat hedatu da entzuleen artean, gaitzidurazko berbaro bat.

Bistan da etorkinaren ozarkeria ez dutela bat ere ongi kausitu.

Baina honek badarrai: -... Dena dela ez naiz erretolikak maite dituen gizona eta, beraz, lehenbailehen lanean hastea nahi nuke.

Makina bat ixtorio eta ipuin dabiltza ahoz-aho kristandade osoan barrena barreiaturik, abatetxe honetan gertatzen omen diren izugarrikeriei buruz.

Nire egitekoa, dakizuenez, berorien jatorria bilatzea da.

Entzuna dut, halaber, eta horixe da niretzat kezkagarriena, herri xeheak sinesten dituen ipuin horietxetan sinesten omen duzuela zuek ere; (...).